Eman izena startupen euskal sarean

Bai, baino… nola?

Leer más

MENUA

18/11/19

noticia

Asimob, errepide adimendu baterako sistemak

«Gaur egun, ibilgailu autonomorako garapen teknologiko asko dago; alabaina, ibilgailu horiek zirkulatu ahal izateko, garraio-azpiegiturak hobetzeko sistemak behar dira», azaldu du Ibon Aretxalde Asimob enpresako ko-sortzaile eta presidenteak. Hain zuzen ere, horixe izan zen Bizkaiko start-up hau sortzeko lehen ideia. Enpresa espezializatuta dago errepide adimendunerantz aurrera egiteko azpiegituren monitorizazio-zerbitzuen garapenean.

Enpresak gauzen Interneten eta adimen artifizialean oinarritutako irtenbideak erabiltzen ditu zoladuran irregulartasunak hautemateko, obra-eremua ikuskatzeko eta seinaleen egoeraren mapa modu automatizatuan ezartzeko. Sistema horien xedea da errepidearen segurtasuna hobetzea eta mugikortasun-azpiegituren digitalizazioan aurrera egitea.

Start-upak honako zerbitzu hauek garatzen ditu: zuloen, ura pilatzearen edo errepidean arriskutsuak izan daitezkeen beste akats batzuen ondorioz bide-sarean sortzen diren aldaketak edo irregulartasunak hautemateko gai diren ibilgailuetan sentsoreak eta kamerak instalatzea. Horrez gain, bide-seinale bertikalen egoera monitorizatzeko sistema bat eskaintzen dute, seinale iraunkorrak zein obra-eremuetan instalatzen direnak aztertzeko. «Seinale finkoetan akatsak gerta daitezke, hautsi egiten direlako, margotzen dituztelako edo zuhaitzek estaltzen dituztelako, besteak beste. Eta obra-eremuetan, lekuz aldatzen doazen aldi baterako seinaleak daude», adierazi du Ibon Aretxaldek. «Orain arte, eskuz ikuskatu da dena, eta dena ondo dagoela aztertzeko pertsonak kontratatzen ziren, baina giza begia mugatua da».

Asimob enpresak ibilgailuetan instalatzen den sistema bat sortu du, bai eta datuak aztertzen dituen eta errepideen egoerari buruzko informazio eguneratua eskaintzen duen plataforma bat ere. Zerbitzua administrazio publikoentzat eta mantentze-lanez arduratzen diren enpresentzat pentsatu da, baina ez da beharrezkoa lan hori egingo duten ibilgailu berriak zirkulazioan jartzea, dagoeneko zaindu behar diren eremuetatik ibiltzen diren ibilgailuetara egokitzen baita teknologia. «Giza begiaren ordez, dena ondo dagoela zain dezaketen sistemak jarriko ditugu; horrela, azpiegiturek autodiagnostikoa egiten dute etengabe», azaldu du enpresako presidenteak.

Start-upa 2016. urtean sortu zen, eta, garapen teknologikorako fasearen ostean, lanean hasi dira udalekin, aldundiekin eta errepideetako mantentze-konpainiekin. Sortzeko, Beazen eta Eusko Jaurlaritzaren Hazitek programaren babesa izan zuen. Orain, 2019. urtean, Bilbao Best Startup Award saria jaso du, MIT Enterprise Forum Spain entitateak emana.

 

Eman izena startupen euskal sarean

Kontaiguzu nolakoa den zure startup-a: nortzuk zareten, zer egiten duzuen, zeintzuk diren zuen erronkak… 15 minutu baino ez dituzu behar. Baina probetxua aterako diozu segundo bakoitzari.

Bete inprimakia

Contenidos relacionados

09/12/19

noticia

NEXTECH 2019 Vitoria-Gasteizen: Zure prozesuak optimizatu eta bezero gehiago lortu nahi dituzu 2020an?

Autonomoa edo enpresa bat bazara eta mundu digitala interesatzen bazaizu, ezin duzu NEXTECH 2019ko kongresua galdu. Euskal Herri osoko enpresak bilduko dira bertan, merkatuko irtenbide digital aurreratuenetan fokua jartzeko.

09/12/19

noticia

Eneritz Zubizarreta, Globe Testing, Arabako Emakume Enpresaburuaren saria

Ampea Sarien XVIII. edizioa Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian garatu da.

07/12/19

noticia

Multiverse Computing-ek jaso du enpresa proiektu onenaren XIX. Manuel Laborde saria. Polykey proiektua, bigarrena

Manuel Laborde Werlinden Sarien XIX. edizioan, Multiverse Computing eta Polykey aukeratu dituzte aurkeztutako zortzi hautagairen artean