Eman izena startupen euskal sarean

Bai, baino… nola?

Gehiago irakurri

MENUA

02/07/20

entrevista

BIND 4.0 ekitaldiaren IV. edizioak berriro gainditu ditu espektatibak, krisia gorabehera

 

SPRI Taldeko Ekintzailetzako zuzendari Aitor Urzelaik ostiral honetan aurkeztuko ditu azken edizioko datu esanguratsuenak

 

Bizi dugun ezohiko momentu honek ere ez du eragotziko uztailaren 3an BIND 4.0 programaren urteroko Demo Day ekitaldia egitea. Hori bai, aurten ez da jardunaldi presentzialik egingo, baizik eta topaketa birtual bat (The Best of BIND 4.0: Virtual Demo Day), zeinetan aurkeztuko diren mundu osoko 38 startup-ek eta Euskadiko 52 enpresa handik (industria adimenduneko berrikuntza irekiko plataformarekin erlazionatuak) azken sei hilabeteetan elkarrekin eta sintonia perfektuan garatu dituzten 53 proiektu teknologikoak. BIND enpresen azelerazio-programa 2016an sortu zen Ekonomi Sustapen eta Azpiegitura Sailaren laguntzarekin, SPRI Taldearen bitartez. SPRI Taldeko Ekintzailetzako zuzendari Aitor Urtzelaik programaren berri eman digu Radio Euskadiko Made in Basque Country saioan.

 

BIND 4.0 programaren laugarren edizioa da hau eta enpresa handi eta txikien arteko lankidetza hazten ari da etengabe…

Egia da, bai, eta hazten jarraitzen du testuinguru berezi honetan ere, beraz, oso pozik gaude. Izan ere, laugarren edizio honetan berriro hazi gara adierazle guztietan. 2016an, martxan jarri ginenean, dozena bat euskal enpresa handi geneuzkan bazkidetzat; aurten, aldiz, guztiz erreferentziazkoak diren 52 partner-ekin itxi dugu kapitulu hau. Eta horrek argi erakusten du programa honek sortzen duen trakzio-efektua. Gauza bera gertatzen da startup-ekin, zeintzuen interesa izugarri hazi baita azken urteotan: lehen edizioan 40 herrialde desberdinetako 257 startup parte-hartzaile izan genituen, eta aurten, berriz, 80 herrialdetako ia 600 konpainia desberdinek eman dute izena (% 10 gehiago). Datorren ostiralean (uztailak 3) irekiko dugu programaren bosgarren edizioa, eta izena emateko modurik errazena da programaren web orrian sartzea  (www.Bind40.com).

 

Zein da Demo Day birtual honetarako egitaraua?

Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da kazetari, idazle eta marketin eta salmenta estrategietako aditu Jack Vincent-en hitzaldi batekin. Ondoren, Martin Varsavsky ekintzaile eta inbertitzaileak (zortzi enpresa sortu ditu Estatu Batuetan eta Europan azken 30 urteotan) hitzaldi magistral bat eskainiko du, non hizpide hartuko dituen normaltasun berriaren erronkak eta enpresa eta startup-en arteko lankidetzaren gakoak merkatuan benetako eragina izateko.  Hitzaldi horren ostean, adituz osatutako mahai-inguru bat egingo da, non parte-hartzaileek euren esperientziak azaldu eta gomendioak emango baitituzte startup eta enpresa handien arteko lankidetzarako ingurune azkarrak sortzeko.

 

Nagusiki zein sektoretakoak izango dira laugarren edizio honetatik aterako diren proiektuak?

BIND 4.0 ekimena lau sektore desberdinetan egituratzen da. Lehenengoak zerikusia du Manufaktura Aurreratuarekin (automozioa, makina-erreminta…), eta parte hartuko dute Mondragon Korporazioa, CAF, Mercedes, GESTAMP, ITP eta Michelin bezalako enpresek. Bigarren eta hirugarren bertikalak Energia sektorea (Petronor, Iberdrola, EDP, Enagás...) eta Osasun sektorea (IMQ, Faes Farma, Onkologikoa, Quirón…) dira. Laugarrena, berriz, edizio honetan aurkeztuko duguna, Elikadurarena da, eta bertan parte hartuko dute Coca-Cola, Eroski, Angulas Aguinaga, Unilever edo Uvesco bezalako enpresek.

 

Badago bereziki deigarria iruditu zaizun proiekturik?

Ez da erraza kasu zehatzak nabarmentzea, ekimen asko garatu direlako eta gehienak konplexutasun tekniko handikoak direlako, baina adibideren bat hautatu beharko banu, aipatuko nuke ITP enpresa (motor aeronautikoak eta turbinak fabrikatzen ditu) eta Danimarkako startup bat elkarrekin garatzen ari direna, zeinaren helburua baita ITPk Zamudion daukan lantegiko fabrikazio-prozesuak hobetzea eta jasangarriago egitea energia kontsumoaren eta kostuaren ikuspegietatik, horretarako robotika adimenduna erabiliz. Beste kasu interesgarri bat da Bizkaiko Aqua Data startup-a eta Coca-Cola elkarrekin garatzen ari direna, freskagarriak fabrikatzeko prozesuetan askoz ur gutxiago kontsumitzeko Coca-Colak Galdakaon duen lantegian. Elkarlanean daramaten denboran sekulako aurrezkia lortu dute uraren nahiz energiaren kontsumoan.

 

Zer suposatzen du enpresa txiki batentzat kontratu bat lortzeak euskal konpainia handi horiekin?

Oso garrantzitsua da. Imajina ezazu hasten ari den startup txiki bat, ezezaguna, merkatuan sartzeko zailtasun handiak dituena eta, batez ere, aukera baten zain dagoena… Bat-batean, BIND 4.0 bezalako programa batek harremanetan jartzen du euskal korporazio handi batekin. Orduan, lehenik eta behin, kontratu bat iristen zaio eta, beraz, fakturatzen hasten da; bigarrenik, aukera paregabea dauka merkatuan bere talentua eta gaitasun teknologikoa erakusteko; eta hirugarrenik, eta esango nuke hau dela ekintzaileek gehien baloratzen dutena, akordio horri esker enpresa handi hori erreferentzia gisa sar dezakete euren portfolioan, eta hori oso baliotsua da, horrek sinesgarritasuna ematen dielako eta ate gehiago irekitzen dizkielako.

 

Laugarren edizio honetan parte hartuko duten startup-ez harago, zein eszenatoki geratuko zaio euskal ekintzailetzari pandemiaren ondoren?

Argi dago ekintzailetzaren munduak ezin duela beste alde batera begiratu; koronabirusak eragin duen krisi hau kolpe gogorra izan da eta izaten ari da. Esango nuke hasieran ahalegin handia egin dela krisiaren lehen kolpeari eusteko behar zen likidezia lortzeko, baina asteak aurrera doazen heinean, uste dut epe ertain eta luzeko inbertsioekin lotutako alderdi guztiak indartu eta negozio-ereduak modu lehiakorrean bideratu beharko direla. Halere, eta ongi jakinik zein larria den unea eta zein konplexua testuingurua, uste dut Euskadiko startup gehienak gai izango direla krisia gainditzeko, talentu handia dutelako, puntako teknologia darabiltelako eta, batik bat, euren tamainak azkartasuna ahalbidetzen dielako erabakiak hartzeko orduan.

 

Eman izena startupen euskal sarean

Kontaiguzu nolakoa den zure startup-a: nortzuk zareten, zer egiten duzuen, zeintzuk diren zuen erronkak… 15 minutu baino ez dituzu behar. Baina probetxua aterako diozu segundo bakoitzari.

Bete inprimakia

Contenidos relacionados

22/04/2024

noticia

Absentixek lan-absentismoaren kostuak murrizten ditu, enpresen lehiakortasuna eta produktibitatea handitzeko

Eragin ekonomikoa ebaluatuz eta elementu absentistak identifikatuz, startupak diagnostiko eraginkor bat egiteko gai da, presentzialtasuna optimizatzen laguntzen duten gomendio batzuk sortzeko.

19/04/2024

noticia

Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean

Euskadiko talentu ekintzaile guztia. Wake up! -ek komunikabide eta sareko blog desberdinek argitaratutako albisteen hautaketa txiki bat egunero partekatzen du Linkedinen: ideiak, proiektuak, negozioak, startupak, enpresak etab.

18/04/2024

noticia

Abian da ekintzailetza berritzailea sustatzeko Toribio Echevarria sarien 34. edizioa

Hautagaitzak aurkezteko epea maiatzaren 16ra arte dago zabalik.

17/04/2024

entrevista

Trakek lidergoa indartu du fisioterapia digitalaren arloan, Adimen Artifizialari esker

Osasun digitalaren arloko startupak 1,3 milioi eurorekin itxi du inbertsioen bigarren txanda, nazioartekotzea sustatzeko.