Eman izena startupen euskal sarean

Bai, baino… nola?

Leer más

MENUA

11/02/19

noticia

Metxa, Internet bidezko azeleragailu berritzailea euskal startupentzat

Gasteizen kokatuta dagoen konpainia gazte honek 30 proiektu ekintzaileren funtzionamendua hobetu du

Ekimen honen berezitasuna da ekintzailetzarako inbertsioak lortzen dituela 10 asteko programa trinko baten bidez

 

Laguntza ematea ekintzaile izateko. Horra Metxaren helburua. 2015ean sortutako enpresa gazte hori Gasteizen kokatuta dago eta 30 startupen funtzionamendua hobetzea lortu du. Hauek dira bere arrakasta bermatzen duten datuak: babestu dituen proiektu berrien %90 martxan daude oraindik eta %74k inbertitzaileen finantzaketa lortu dute. Portzentaje esanguratsuak ekintzailetzaren mundu konplikatu honetan, non Eusko Jaurlaritza ere inplikatu baitzen duela hainbat urte Up! Euskadi programaren bitartez.

 

Metxa bi hankaren gainean sostengatzen da, Josetxu Silgo zuzendari nagusiak eta Laura Unzueta bazkideak azaldu dutenez. “Batetik, inbertsio funtsak kudeatzen ditugu, non 800.000 euro inbertitu baitira. Bestetik, hasierako urteetan dauden ekintzaileen proiektuak azkartzen ditugu: ekintzaile bakoitzak erronka bat planteatzen digu eta guk entrenamendu moduko bat diseinatzen diogu, 10 astekoa eta online egin daitekeena”. Hurrengo urratsa da proiektuari sei hilabeteko jarraipena egitea.

 

Metxa da online lan egiten duen Espainiako azeleragailu bakarra. Gainera, beste haztegi publiko batzuek baino programa trinkoagoa eskaintzen du. “Eta inbertsioa eskaintzen dugu, horixe baita ekintzaileek bilatzen dutena. Haztegiek hasierako faseetan dauden startupak aukeratzen dituzte; guk, berriz, merkatutik hurbilago dauden proiektuetan lan egiten dugu” diote Silgok eta Unzuetak.

 

Azken hiru urteotan Metxak zortzi proiektu berritzailetan inbertitu du -ia denak Euskadikoak-, besteak beste, hauetan: Osoigo (politikariak hiritarrekin konektatzeko plataforma), Hunters of Magic (bideo-jokoak) edo Dog Vivant (zakur-jabeak hotelekin harremanetan jartzeko market place bat). Proiektu bakoitzeko inbertsioa 75.000 eurokoa izaten da batez beste eta Metxa Inversiones sozietatearen bitartez egiten da, zeinak bere baitara biltzen baititu enpresaren fundatzaileak eta dozena bat inbertitzaile. Horietako bat da Eusko Jaurlaritza, 2018an sartu zena Arrisku Kapitaleko sozietatearen bitartez eta 100.000 euroko ekarpena egin duena.  “Ekintzailearentzat errazagoa da hori, bazkide bakarra duelako eta ez hamar bazkide desberdin”.

 

Enpresek hainbat baldintza bete behar dituzte inbertsio horiek jasotzeko: proiektu eskalagarriak eta berritzaileak izatea, ekintzaile bat enplegatuta egon dadila lanaldi osoan, “eta dagoeneko lehen bezeroak izatea, baina ez dauka errentagarri izan beharrik sartzeko unean”.

 

"Intentsitatea sortzen duelako ekintzailearengan"

Metxaren negozioa da startupei zerbitzuak eskaintzea “eta egiten ditugun inbertsioen itzulerak ere bai, baina hori epe luzeko negozioa izango litzateke, sei edo zazpi urte barru goizenera ere”.  Aholkularitza eskatzen dieten startupek helburutzat dute merkatura iristea, salmentak handitzea edo inbertsioak erakartzea. “Euren alderdi makalena indartzeko lan egiten dugu. Gerta liteke merkaturako gaizki diseinatuta dagoen produktu bat izatea”.

 

Sinetsirik daude beren 10 asteko azelerazio-sistema trinkoa egokia dela, “intentsitatea sortzen duelako ekintzailearengan eta helburua ez delako lausotzen.  Behartuta daude egunero lan egitera”.

 

Enpresa teknologikoetan zentratuago dauden beste proiektu batzuek ez bezala, Metxak mota guztietako startupak onartzen ditu bere programan. “Adibidez, arropa edo zapata markak dituzten ekintzaileekin lan egiten dugu. Baina egia da osagai teknologiko bat dutenak edo Internetekin lotuta daudenak azkarrago hazten direla”.

 

Azeleragailu honetan dago, esaterako, sinadura digitalen munduko Fingerink enpresa: “Guregana jo zuten inbertsioa erakarri nahi zutelako euren proiekturako eta jadanik lortu dituzte lehen bezeroak”; edo bulegoetarako janari zerbitzua eskaintzen duen Papous enpresa: “kasu honetan fakturazioa handitzea zen beren helburua. Hamar astean hirukoiztu egin zituzten beren diru-sarrerak”; edo Mondragon Unibertsitateko neska talde batek sustatutako Feel my way proiektua, gazteentzako bidaiak eskaintzen dituena Europan eta AEBetan barrena, non toki bat ezagutze hutsa baino esperientzia zabalagoa eskaintzen baitute: mota guztietako dinamikak proposatzen dituzte integrazioa eta superazio pertsonala sustatzeko ingurune berrietan. “Horrelako proiektuak aukeratzen ditugu ikusten badugu ekintzaileak baduela sormena, eta borrokatzeko eta taldean lan egiteko gogoa”.

 

Azeleragailuaren beste bereizgarri bat da bere zerbitzua online eskaintzen duela; “hemen ez da oso ohikoa baina eredu hori ongi errotuta dago Estatu Batuetan” diote, eta aukera ematen die Euskaditik kanpoko proiektuekin ere lan egiteko. “Proiektuak dauzkagu Alacanten, A Coruñan, Salamancan eta Shangain ere bai, eta Mexikon eta Kolonbian ere izango ditugu hemendik aurrera”.

 

Silgo eta Unzuetak aitortu dute euren negozioa, plantillan bost lagun baino ez dituena, ziurgabetasunaren eremuan mugitzen dela. “Baina inbertsoreak izateak segurtasuna ematen digu, nahiz eta arrisku handiko inbertsioak izan”. Beren etorkizuneko helburua da startupetako inbertsio-zorro dibertsifikatua izatea, inbertsio berriak lortzea eta inbertsiorako bitarteko izaten jarraitzea. Horrez gain, startupen ekosistema on bat sortu nahi dute Euskadin, “oraingoz oso gaztea baita. Administrazioak ongi ari dira lanean, hor dugu adibidez BIND programa, baina kultura hori inbertitzaile pribatuengana eraman behar da”. Uste dute Euskadin ekintzailetza-mentalitate orokorragoa behar dela, eta hautsi egin behar dela “ekintzaile bihurtuko naiz ezin badut besteren kontura lan egin” ereduarekin.

 

Metxak hiruzpalau programa trinko egiten ditu urtean eta martxoan irekiko du hurrengoa. Aurten asmoa da 30 startup azkartzea eta dozena bat proiektu berritzailetan inbertitzea.

Eman izena startupen euskal sarean

Kontaiguzu nolakoa den zure startup-a: nortzuk zareten, zer egiten duzuen, zeintzuk diren zuen erronkak… 15 minutu baino ez dituzu behar. Baina probetxua aterako diozu segundo bakoitzari.

Bete inprimakia

Contenidos relacionados

14/02/19

noticia

Africa Basque Challengeko parte hartzaileek BIG Bilbao bisitatu tute, Udalaren ekintzailetzarako zentroa

Africa Basque Challenge proiektuaren helburua da Kenyako landa-komunitateetan hiriko eta landako eremuen arteko ezberdintasunak murrizten lagunduko duten gizarteko eta enpresako ekimenak garatzea

13/02/19

noticia

BIC Bizkaia Ezkerraldeak zuzentasunari eta zintzotasunari buruz hitz egin du

BIC Bizkaia Ezkerraldeak zuzentasunari eta zintzotasunari buruz hitz egin du bertako LUSE INGENIERÍA enpresaren “I HONESTY DAY”izenekoan.

12/02/19

noticia

Ekintzailetzan egindako ibilbidea ON Bizkaia Sarien 2019ko edizioan

ON Bizkaia Sariek Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Foru Sailak bultzatu eta Beazek kudeatzen dituen programen laguntza jasotzen duten proiektuak goraipatzen dituzte urtero.

11/02/19

noticia

Metxa, Internet bidezko azeleragailu berritzailea euskal startupentzat

Gasteizen kokatuta dagoen konpainia gazte honek 30 proiektu ekintzaileren funtzionamendua hobetu du