Eman izena startupen euskal sarean

Bai, baino… nola?

Gehiago irakurri

MENUA

08/04/19

entrevista

BigDa Solutions enpresak ETEetara eramango ditu energiaren kontsumoa monitorizatzeko bere tresnak

 

Arabako konpainiak Big Data eta adimen artifiziala erabiltzen ditu enpresetako energia-kontsumoa kontrolatzeko

 

BigDa Solutions startup arabarrak energia-kontsumoa kontrolatzeko tresnak eskaintzen dizkie bere bezeroei, eta tresna horiek datuen analisian eta adimen artifizialean oinarrituta daude. Bost langileko plantillarekin, nazioarteko hainbat proiektu garatu ditu Marokon, Israelen eta Hegoafrikan. BigDa Solutions izan zen BIND 4.0 programaren lehen edizioan parte hartu zuen enpresa gorakorretako bat. BigDa Solutions enpresako teknologiako zuzendari Ibon Salbidegoitia elkarrizketatu dugu.

 

Nola sortu zen BigDa Solutions enpresa?

2013an abiatu zen, Arabako Teknologi Parkeko Meteo for Energy enpresaren barruan. Iragarpen meteorologikoko zerbitzuak eskaintzen genizkien eguzki energiaren sektoreko enpresei. Datuak eta adimen artifiziala erabiltzen genituen gure bezeroei konponbide zehatzagoak emateko. Egun batean, bezero batek galdetu zigun posible ote genuen energia kontsumoari buruzko aurreikuspenak ere eskaintzea. Ohartu ginen bagenituela arlo horretan iragarpen-ereduak egiteko beharrezko gaitasun eta bitartekoak eta, 2015ean, BigDa Solutions abiarazi genuen.

 

Nolako proiektuak gauzatzen dituzue?

Datu analistak gara. Energia kontagailuak –argindarrarena edo gasarena- jasotzen duen informazioa erabiltzen dugu nabe edo prozesu baten ezaugarriak ezagutzeko. BIND 4.0 programaren barruan, Mercedes-Benz-ek Gasteizen duen lantegiarentzako proiektu bat garatu genuen, zerikusia zeukana ibilgailuak margotzeko prozesuko tenperatura-baldintzekin. Enpresak tenperatura- eta hezetasun-baldintza oso zehatzak behar ditu pintura egoki atxiki dakion ibilgailuari, eta gas natural, argindar eta urezko galdara-sistemak erabiltzen dituzte horretarako. Iraganeko iragarpen bat egin genuen lehenbizi. Datu historikoak aztertu genituen jakiteko zenbat energia erabili zuten horrelako lanetan, eta orobat esan genien zenbat kontsumitu beharko zuketen, horrela hobeto jakiteko zer hobetu. Horrez gain, etorkizuneko iragarpen bat ere egin genuen. Datuak aztertuta aurreikusi daiteke zenbat energia kontsumituko den hilean; informazio horri esker, posible da enpresaren premiei egokitutako gas eta energia kontratuak sinatzea hornitzaileekin.

 

Nafarroako Volkswagen lantegiarekin ere lan egin dugu fabrikazio-nabeko baldintzak neurtzeko. Eta beste proiektu bat egin dugu egoitza Gasteizen duen eta askotariko gailuak (adibidez, smartphone-ak) egiten dituen Wiko enpresarekin. Kasu horretan, logistika arloko proiektu bat izan da: enpresak jakin nahi zuen mota edo kolore zehatz bateko zenbat sakelako zeuzkaten Espainia osoko dendetan, fabrikazio edo banaketa premiak aurreikusteko.

 

Europako Batzordeak eginiko txosten baten arabera, urtean 2.000 milioi euro inbertitu beharko lirateke energia eraginkortasuna %25 hobetzeko. Inbertsio horrek 9.000 milioi euroko aurrezkia sor lezake 2030erako. Enpresek badakite zein garrantzitsua den beren energia kontsumoa monitorizatzea?

Baldin badakizu zenbat kontsumitzen duzun orduro, orduan posible duzu energia erosteko kontratuak hobetzea eta produkzio-orduak tarifei egokitzea. Oso gauza oinarrizkoa da, eta, informazio zehatza izanez gero, zure premietara moldatu daiteke. Baina lehenbizi ulertu behar da nola kontsumitzen duen zure lantegiak. Enpresa handiek badakite hori horrela dela eta txikiak hasi dira interesa erakusten, baina, hain zuzen, txikiak direlako ez dute gaitasunik horrelako sistemak inplementatzeko. ETEek bilatzen dutena da sentsoreak jartzea eta informazioa biltzea prozesuen kostua ezagutzeko eta dena lotuago izateko, baina askotan ezin dituzte kostuak ordaindu.

 

Datuen analisian oinarritutako konponbideak eskaintzen dituzue. Baduzue IoT plataformaren bat informazio hori atzemateko?

Guk softwarea bakarrik egiten dugu, ez dugu egiten datuak jasotzeko IoTrik edo sentsorikako hardwarerik. Datu horiek dagoeneko bilduta daude gu iritsi garenerako.

 

Zuen softwareak elkarrekin konbinatzen al ditu datuen analisia, adimen artifiziala eta informazio hori bistaratzeko sistemak?

Esango nuke Big Datak hiru elementu desberdin dituela. Batetik, Business Inteligence, informazioa bistaratzeko eta gertatzen ari dena ulertzeko. Bestetik, Big Data edo arkitektura: informazioa biltegiratzeko eta kudeatzeko sistema bat. Eta, azkenik, Data Mining, jasotako informazioan oinarriturik aurreikuspenak egiteko algoritmo iragarleak erabiltzen dituena. Hiru elementu horiek desberdinak dira eta, zenbaitetan, batzuk beste batzuk baino garrantzitsuagoak.

 

Datuen analitikaz ari garenean, garrantzitsua da datuaren kalitatea ziurtatzea, informazioa garbitzea eta sistemak integratzea, horrela bermatzeko datuen kalitatea ona dela. Batzuetan, informazio hori baliagarria izango da gertatzen dena denbora errealean ikuskatzeko eta, beste batzuetan, analisi prediktiboak egiteko. Baina ezin dugu ezer askorik iragarri datu historikorik ez badago.

 

Zeintzuk dira zuen etorkizuneko erronkak?

Orain arte enpresa handiei zuzendu dizkiegu gure zerbitzuak. Bezeroen premien arabera kustomizatutako zerbitzuak dira, bakoitzak eskakizun desberdinak dituelako. Horrelako zerbitzuak ematen jarraituko dugu, baina, urte hauetan ikasitakoarekin, zerbitzu zehatzak eman nahi dizkiegu ETEei, gai izan daitezen energia kontrolatzeko eta aurrezteko, eta, bide horretatik, lehiakorrago izateko.

Eman izena startupen euskal sarean

Kontaiguzu nolakoa den zure startup-a: nortzuk zareten, zer egiten duzuen, zeintzuk diren zuen erronkak… 15 minutu baino ez dituzu behar. Baina probetxua aterako diozu segundo bakoitzari.

Bete inprimakia

Contenidos relacionados

06/05/2024

noticia

SPRIk startupekin berritzearen onurak proposatu dizkie ETEei BIND SME programaren bidez

BIND SME laugarren edizioko Sozializazio Jardunaldia webinar baten bidez egingo da maiatzaren 14an

06/05/2024

noticia

Eraldalan martxan da Gipuzkoan, lidergo eta erakunde eraldaketa programa

Programa Impact Hub Donostiak bultzatzen du eta 2024ko maiatzetik urrira garatuko da dohainik, Gipuzkoako Foru Aldundiren laguntzari esker.

05/05/2024

noticia

Lx Revek enpresen eraldaketa digitala bizkortzen laguntzen du

Enpresa donostiarrak konpainien lehiakortasuna hobetzeko soluzio teknologikoak eskaintzen ditu

03/05/2024

noticia

KABIA, zure proiektuari hegoak emateko Ekintzailetza Komunitatea

KABIAk pertsonei eta haien proiektuei laguntzeko, sortzeko, hazteko eta sendotzeko helburua du. Eusko Jaurlaritzak, HAZIren bidez, bultzatutako proiektua da, eta lurraldearen laguntzarako erakundeen laguntza du