Eman izena startupen euskal sarean

Bai, baino… nola?

Gehiago irakurri

MENUA

10/06/19

noticia

Bihartech enpresak barnealderako geo-kokapen konponbideak garatzen ditu 4.0 Industriarako

 

Arabako konpainia honek positiboki baloratu du BIND 4.0 programaren lehen edizioko parte-hartzea

Hain zuzen, programa horrekin zerikusia duten 300dik gora pertsonak elkarrekin trukatuko dituzte ezagutzak eta negozio-aukerak DemoDay BIND 4.0 ekitaldiaren hirugarren edizioan, uztailaren 5ean, Bilboko Euskalduna Jauregian

 

Gasteizko Bihartech startup-a -2014an sortua errealitate birtual eta areagotuko konponbideak garatzeko- etorkizuneko erronka berriei aurre egiten ari da duela hilabete batzuetatik. Enpresan bazkide berri bat sartu denetik (2ados komunikazio agentzia) eta beacon-etan eta Gauzen Interneten (IoT) oinarritutako konponbideak garatzen hasi direnetik, enpresak helburutzat du bezero berriak lortzea eta bere plantilla bikoiztea (4 langiletik 8ra) datozen hilabeteetan. Bihartech enpresaren sortzailekide David Quintanarekin hitz egin dugu.

 

Nola sortu zen Bihartech?

Nire bazkide Pedro Muñoz eta biok hainbat urte generamatzan elkarrekin lanean errealitate birtualeko proiektuetan, eta ikusi genuen teknologia gorakorra zela. Bagenuen horrelako garapenak egiteko adinako ezagutza eta, lehenbizi, orgatila jasotzaileak kontrolatzen ikasteko simulagailu bat egin genuen. Proiektu harekin ezagun egin ginen eta hautatuak izan ginen BIND 4.0 programaren lehen ediziorako. SPRIk koordinatzen duen ekimen horren barruan, CAFek aukeratu gintuen errealitate birtualaren bitartez langileen prestakuntzarako proiektu bat egin genezan.

 

Zertan datza CAFen proiektu hori? Eta 4.0 Industriaren arloan garatzen ari zareten gainerakoak?

CAFen proiektuan langileak trebatzen genituen errealitate birtuala erabiliz. Tradizionalki, prestakuntza hori egiteko langileei dokumentu bat entregatu izan zaie eta jardunaldi bat egin izan da alderdi desberdinak azaltzeko. CAFen kasuan, nola tren bat muntatu ondoren probak egiten dituzten pabilioi batean egiaztatzeko tren horrek ongi funtzionatzen duela, jakin nahi zutena zen zein arrisku egon daitezkeen pabilioi horretan. Istripu-arriskua handia da, katenariaren tentsioagatik. Enpresak lortu nahi zuen langile berriak gai izan zitezela arrisku horiek zeintzuk ziren ikasteko modu autonomoan. Horretarako, serious game edo simulagailu bat baliatu genuen, tabletetan, ordenagailuetan edo web orrietan erabil daitekeena. Gainera, tresnak aukera ematen du langileak ebaluatzeko eta horrela jakiteko arriskuak benetan ulertu dituzten ala ez.

 

Beste garapen bat egin dugu dorre eolikoentzako palak fabrikatzen dituen konpainia batentzat. Sistema bat da, zeinak plano bat proiektatzen baitu erakusteko nola muntatzen den pala mota bakoitza. Paperezko planoa erabili beharrean, aplikazioan posible da zein pala mota muntatu behar den aukeratzea, eta sistemak proiektatu egiten ditu muntatzeko argibideak nahiz horretarako beharko den denbora. Gainera, sistemak trazagarritasunarekin lotutako informazioa gordetzen du: nork muntatu duen pala zehatz bat edo zenbat denbora behar izan duen lan horretarako. Lehen paperean egiten zen lan-prozesu bat eraldatu dugu, digitalki egin dadin.

 

Industriako Logistikara zuzendutako proiektu bat ere badugu eskuartean. Beacon edo energia baxuko bluetooth konektagarritasuna duen baliza bat erabiliz, gure bezeroak erraz lokalizatu dezake produktu zehatz bat biltegi barruan. Askotan, produkzio-ondasunak enpresa barruko biltegi batera eramaten dira eta gerta liteke denbora asko igarotzea biltegi horietan. Espazio horretan ehunka edo milaka edukiontzi pilatzen direnez, denbora asko galtzen da produktuak lokalizatu nahian. Produktu bakoitzari beacon bat jarriz gero, karga biltegira iristen denean berehala jakin dezakegu zein pasabidetan dagoen, pasabide bakoitzak Bluetooth hartzaile bat duelako. Uste dugu beacon horiek lagungarri izan daitezkeela errealitate handituko aplikazioetan ere, informazioa eman baitezakete produktuei, mantenimenduari eta laneko arriskuen prebentzioari buruz.

 

Hain zuzen, zuk eta zure bazkideak baduzue laneko arriskuen prebentzioko master bat. Teknologia berriek badute zeresana arlo horretan, ezta?

Teknologiek zentzu handia dute laneko arriskuen prebentzioan. Laguntzaile bikaina dira istripuak eta akatsak saihesteko eta denbora aurrezteko. Argi dago errealitate handitua eta areagotua edo beacon-ak bezalako teknologiak erabiliz pertsonek denbora gutxiago behar dutela ikasteko, errazago barneratzen dituztela edukiak eta enpresentzat ere errazagoa dela langileak ebaluatzea benetako lanpostuan lehenengoz jarri baino lehen, hasierako faseetan gertatzen baitira lan istripu gehien.

 

Zuen negozioaren zein portzentaje dago 4.0 Industriara zuzenduta?

Marketin-lanetan zentratzen gara nagusiki, uste dugulako 4.0 Industriaren alderdi garrantzitsua dela. Azken finean, marketina beste modu bat da gure produktuak bezeroei ezagutarazteko teknologia berrien bitartez.  Gure bezero gehienak enpresa industrialak eta komunikazio agentziak dira.

 

Zer suposatu du zuentzat duela hiru urte BIND 4.0 programan parte hartzeak?

Balorazio oso positiboa egiten dugu esperientzia hartaz, CAFekin elkarlanean garatutako lehen kasu arrakastatsu hura eman zigulako. Orain, eta kasu arrakastatsu hori eskuartean izanik, enpresek beste modu batera entzuten dituzte gure proposamenak eta jakin nahi dute gure garapena beren premiei aplikatu dakiekeen ala ez. Gainera, BIND 4.0 programak prestakuntza ematen dizu, eta hori ere behar genuen.  Bestalde, programa honi esker enpresek ulertu dute zein garrantzitsua den horrelako teknologiak erabiltzen hastea, zeren egiten ez badute, ez dira lehiakor izango merkatuan.

 

Zeintzuk dira zuen etorkizuneko erronkak?

Gure erronka handiena haztea da. Helburutzat dugu plantilla ahalik eta azkarren handitzea 8-10 langile izateraino, eskuartean ditugun proiektuen arabera, eta baita ere bezero gehiago lortzea.  Enpresa txikia gara baina azken bi urteotan %50eko hazkundeak izan ditugu urtero. Egiten duguna partekatu nahi dugu gure bazkide berriekin, 2ados agentziarekin, bezero berriengana iritsi ahal izateko. Horrez gain, beacon-etan oinarritutako barnealdeko geo-kokapen produktu bat atera nahi dugu, lehen azaldu dudan bezala. Orain enpresei zerbitzuak ematen ari gara, baina produktu propioak garatu nahi ditugu gure hazkundea errazagoa izan dadin.

Eman izena startupen euskal sarean

Kontaiguzu nolakoa den zure startup-a: nortzuk zareten, zer egiten duzuen, zeintzuk diren zuen erronkak… 15 minutu baino ez dituzu behar. Baina probetxua aterako diozu segundo bakoitzari.

Bete inprimakia

Contenidos relacionados

30/04/2024

noticia

‘Mondragon Unibertsitatea Industrial Sustainable Entrepreneurship Awards”

"Ideia teknologikoren bat baduzu, konta iezaguzu, eta 25.000 €-rainoko saria irabaz dezakezu merkatura eramaten saiatzeko"

29/04/2024

noticia

Work in Progress: Ekintzailetzaren Euskal Aholkularitza Batzordeak 2025-2028 proiektuan jarduten du

'Ekintzailetzako Erakunde Arteko Plana' (EEP) elikatzeko proiektuak elkarrekin sortzeko eta asmatzeko prozesuaren dinamizazioa

26/04/2024

noticia

Kaytek, digitalizazio industriala iraultzen ari den Barakaldoko startupa

Konpainiak tresna berri bat du, edozein motatako enpresen fabrikazioan, mantentze-lanetan eta kalitatean arintasuna eta eraginkortasuna hobetzen dituena.

26/04/2024

noticia

Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean

Euskadiko talentu ekintzaile guztia. Wake up! -ek komunikabide eta sareko blog desberdinek argitaratutako albisteen hautaketa txiki bat egunero partekatzen du Linkedinen: ideiak, proiektuak, negozioak, startupak, enpresak etab.