Mikrobiomik-ek giza mikrobioman oinarritutako medikamentu-belaunaldi berri bat sortu du

Medikamentu hori EBn merkaturatzen duen lehen enpresa izan nahi du
Bizkaiko Mikrobiomik enpresa biofarmazeutikoak helburutzat du giza mikrobioman oinarritutako medikamentu berriak aztertu eta garatzea gaixotasunak tratatzeko. 2018an sortutako startup hori Bic Bizkaia zentroan dago, eta dagoeneko garatu du bere lehen medikamentua, antibiotikoak hartzeagatik sortzen den hesteetako infekzio larri bat tratatzen duena.
Giza mikrobioma edo mikrobiota deitzen zaie gure gorputzean naturalki dauden mikroorganismoei. Mikrobiomik-ek garatu duen medikamentu berri hori hesteetako mikrobiotaren transferentzian oinarritzen da, hau da, pertsona osasuntsuen mikrobiota pazienteen traktu gastrointestinalera eramaten da, bakterio horiek ahotik hartzen den farmako batean txertatzen dituen prozesu baten bidez. Lehen medikamentu horren helburua C.difficile infekzioa da, hau da, beherakoa eta kolitisa eragiten dituen bakterio bat, eta kasu batzuetan ohiko tratamenduek sendatu ezin dutena. Mikrobiomik-eko zuzendari nagusi Juan Basterraren arabera, “patologia honek bereziki eragiten die ospitaleratutako pertsona nagusiei; kasuen % 75 antibiotikoekin sendatzen da, baina kasuen % 25ean antibiotikoak ez du funtzionatzen, eta talde horrek hiltzeko arrisku handia dauka”, “frogatuta dago paziente horientzako alternatiba eraginkor bakarra dela mikrobiota fekala transplantatzea”.
Orain arte, kolonoskopiak edo zunda duodenalak erabiltzen ziren transplante hori egiteko, biak hala biak ebakuntza gelan sartzea eskatzen duten operazio inbaditzaileak. Aldiz, ahotik hartzen den pilularekin posible izango litzateke tratamendu anbulatorio bat egitea, arriskuak murriztuz eta eraginkortasun-maila berbera lortuz, hala dio Juan Basterrak, medikuntzan lizentziatutako industria farmazeutikoko adituak. Farmako honen garapenaren abiapuntua Madrileko Gregorio Marañón ospitalearekin esklusiban hitzartutako know how transferentzia bat da. Ospitale horretan hainbat aurrerapen egin dituzte mikrobiota ahoz hartzeko pilulen arloan.
“Gaur egun produkzio-instalazio bat daukagu BIC Bizkaia zentroko bio-inkubagailuan, non mikrobiota fekalean oinarritutako farmakoak bakarrik fabrikatzen baitira” azaldu du Mikrobiomik-eko zuzendari nagusiak. Espero dute datozen hilabeteetan eskuratuko dutela Espainiako Medikamentuaren Agentziak ematen duen manufakturako jardunbide egokien ziurtagiria eta uda ostean hasiko direla saio klinikoak egiten pazienteekin. “Gure helburua da mikrobiota fekalean oinarritutako medikamentu biologiko bat merkaturatzen duen Europar Batasuneko lehen konpainia izatea” dio.
Lehen merkaturatze honen ondoren, lantaldearen asmoa da mikrobio-floran oinarritutako medikamentu gehiago garatzea beste gaixotasun batzuentzat, eta dagoeneko hasi dituzte esteatohepatitis ez alkoholikoa (gibel koipetsua delakoa) tratatzeko ikerketak. Lantaldeak Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Estatuko laguntza-programen nahiz inbertsio-funts pribatuen babesa jaso du ikerketa prozesurako eta ekimena martxan jartzeko.
Contenidos relacionados
19/05/2022
noticia
BIC Arabak startupetan inbertsioak azaleratzeko tailerra antolatu du
Adituek metodologietan eta estrategietan trebatuko dute hiru egunetan zehar, eta inbertsio errealeko foro batekin amaituko dute
19/05/2022
noticia
Wake up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Euskadiko talentu ekintzaile guztia, zurekin goizero zure gosarian! Jarrai iezaguzu!
18/05/2022
noticia
Sortzearen Abentura: Ekintzailetzarako Gogoa Bilbon
Gazteek esperientzia gogoangarri eta dibertigarri bat bizitzea lortu nahi da
17/05/2022
noticia
SPRIk Mondragon Unibertsitateak antolatutako data analytics eta kudeaketa arloetako lanaren etorkizunari buruzko jardunaldi batean parte hartu du
Helburua da sare kolaboratibo bat martxan jartzea lurraldeko enpresen talentuaren plangintza estrategikoan laguntzeko