Eman izena startupen euskal sarean

Bai, baino… nola?

Gehiago irakurri

MENUA

13/07/20

entrevista

Hipatia Control Inteligente: “ETEek ez dituzte aprobetxatzen teknologiak eskaintzen dizkigun abantaila guztiak”

 

Gasteizko enpresa mahastizaintza eta ardogintza sektorerako MES arkitekturen integrazioan eta roboten erabileran espezializatuta dago

 

Hipatia Control Inteligente startup-ak urtebete bete berri du. Arabako Cefalux enpresaren spin-off gisa sortua, bere jarduera nagusia da 4.0 Industriarekin lotutako konponbideak garatzea euskal industria-sareko ETEentzat. Koronabirusak eragindako krisian une txarrak pasa ondoren, asmoa du datozen hilabeteetan bere jarduerari berrekiteko. Oscar Garay, Hipatia Control Inteligente enpresako zuzendari nagusiarekin mintzatu gara.

 

Nola azalduko zenuke zer egiten duzuen Hipatia Control Inteligente enpresan?

Software teknologikoaren integratzaileak gara, eta gure jarduera garrantzitsuenetako bat da MES arkitekturak -hau da, produkzioaren kontrolerako sistemak- integratzea enpresetan. 4.0 Industrian murgilduta gaude, baina industria farmazeutikorako SCADA sistemen baliozkotzea ere egiten dugu, neurri txikiagoan bada ere. Euskal ekosistemaren esparruan, ikusmen artifizialarekin eta robotika kolaboratiboarekin lotutako 4.0 Industriako beste proiektu batzuk garatzen ditugu; robotika kolaboratiboaren kasuan, Cefalux, gure matrize enpresaren laguntzarekin.

 

Garatu dituzuen proiektuen artean zein nabarmenduko zenuke?

Gure abantaila nagusia da lantegi batetik gatozela, hau da, makinak ukitzen ditugu, ingeniariak gara. Eraldaketa digitalaren iraultza honetan, lantegien mundua gero eta garrantzitsuagoa da, gero eta lotuago dago IT inguruneekin, eta berdin gertatzen da ERPekin. Gure abantaila nagusia da makinarekin komunikatzen garela, zeren funtsean makinak eman behar dizkigu datu zuzenak, kudeaketa-sistema guztiak fidagarriak izan daitezen. Adituak gara datuak atzematen eta makinaren PLCtik datozen datu horiek kudeaketa-sistemarekin komunikatzen. Kasu arrakastatsu gisa aipa genezake elikadura sektoreko enpresa batean egindako kudeaketa-sistema baten ezarpena. Gatzgabetze tankeak kontrolatzeko sistema bat garatzen ari gara lantegi batean.

 

Badaukagu beste adibide bat ere, upategien sektorerako sistema robotiko estandar bat. Upelak higienizatzeko zelula bat da, Goi Errioxako Upategietan erabiliko dena. Sistema aitzindaria da. Orain arte, upelak kateko garbiketa-trenetan (linealak) garbitzen ziren. Guk ezarritako robot horrek upelak deskargatzen ditu azpi-subiletatik eta garbiketaren prozesuko fase desberdinetatik pasatzen ditu: lurrun-injekzioa, urberritzea... eta gero, azpi-subilean kargatzen ditu.

 

Makinen kudeaketarako softwareaz mintzatzean beste hainbat termino ageri dira: MES, ERP, CRM, GMAO, SCADA, PLC... Enpresek ezagutzen dituzte termino horiek?

Esango nuke nahiko maila baxua dugula, hau da, agian zuzendaritza arloko langile batzuek ezagutzen dituzte nomenklatura horiek, baina ez da oso ohikoa. ERP kontzeptua ulerterrazagoa da, baina MES, CRM edo SCADA kontzeptu berriak dira askorentzat. Oraindik lan asko egiten da paperean. Kontuan izan behar dugu gure ehun industrialaren zati handi bat ETEak direla, eta MES sistema txukun bat izateko 60.000-100.000 euro bitarteko inbertsioa egin behar dela. Ez dira asko gastu hori egiteko prest dauden konpainiak. Bezeroaren neurrirako garapenak egiten ditugu, baina hirugarrenek garatutako software teknologikoak erabiltzen ditugu, hau da, ez gara softwarearen jabeak, eta ahalegina egiten dugu aplikazio horiek lizentziatzeko kostua ahalik eta txikiena izan dadin gure bezeroentzat. Baina ETEek ez dituzte aprobetxatzen teknologiak eskaintzen dizkigun abantaila guztiak. Enpresen panorama oso zaharkitua da zentzu horretan.

 

Zer egiten duzue enpresei ikusarazteko komeni zaiela kudeaketako tresna horiek inplementatzea?

Abantaila nagusia da datu erreal eta fidagarrietan oinarritutako erabakiak hartzen laguntzen duela. Kontua da enpresa asko sentsazioetan oinarritzen direla erabakiak hartzeko orduan. Kudeaketako sistema hauekin, berriz, datuak fidagarriak dira eta oso azkar kudeatzen dira, eta horri esker posible da askoz erabaki egokiagoak hartzea. Horrez gain, garrantzitsua da urratsez urrats hastea. Ezin da zerotik ehunera pasa sei hilabetean. Kostu handia da horrelako sistema bat ezartzea, eta ez bakarrik diruagatik; ezinbestekoa da pertsonak inplikatzea, hasi zuzendaritzako mailetatik eta makinekin lan egiten duten langileetaraino. Sistema askok porrot egin dezakete erabiltzaileek ez badute bat egiten olatu teknologiko berri honekin, iruditu dakiekeelako euren zereginetan eskua sartzea edo zeregin horiek fiskalizatzea dela. Guk beti proposatzen dugu lana gutxika egitea, urratsez urrats, sistemek eskaintzen dituzten abantailak ikusteko eta pixkanaka konfiantza gehiago hartzeko.

 

Nolako inpaktua izan du edo dauka oraindik COVID-19aren krisiak zuen jardueran?

Krisiak eragina izan du maila komertzialean. Argi dago jarduera komertziala gelditu egin dela. Adibidez, upategiekin. Hilabete onenak zetozkigun, mahats-bilketa hasi aurreko hilabeteak, eta aukera galdu dugu bezero askorekin face to face biltzeko. Ekintza komertzialaren ikuspegi horretatik, jarduera erabat gelditu da. Kudeaketako sistemei dagokienez, mundu guztia aurrezten hasi da orain, eta inbertsio guztiak berriz pentsatzen edo ebaluatzen; software teknologikoen eta eraldaketa digitalaren kasuan, berdin jarraitu dezakete gauzak egiten orain arte bezala, eta horrela kostu gehigarri bat saihesten dute. Eragina handia izan da.

 

Testuinguru horretan, zeintzuk dira zuen igurikapenak etorkizunerako?

Startup bat garen neurrian, haztea da gure helburua. Lehen urte hau da zailena, lehenbizi geure burua ezagutzera eman behar dugulako, eta oinak lurrean jarrita hazi nahi dugulako, urrats txikiak emanaz baina oinarri sendo batekin. Ilusionatuta gaude robotika kolaboratiboko -robotika sentikorreko- aplikazioekin. COVID-19arekin eta pertsonen arteko distantzia mantendu behar honekin, baliteke horrelako roboten erabilera ugaritzea. Lehen urte honetan ikusi dugu merkatua oso berde dagoela kudeaketa-sistemen inplementazioan, eta uste dugu merkatu-nitxo handi bat aurkituko dugula. Guretzako mehatxu handienak dira kudeaketa-sistema bat ezartzea erraza dela iragartzen duten aplikazio informatikoak, benetan ez baita hain erraza.

Eman izena startupen euskal sarean

Kontaiguzu nolakoa den zure startup-a: nortzuk zareten, zer egiten duzuen, zeintzuk diren zuen erronkak… 15 minutu baino ez dituzu behar. Baina probetxua aterako diozu segundo bakoitzari.

Bete inprimakia

Contenidos relacionados

06/05/2024

noticia

SPRIk startupekin berritzearen onurak proposatu dizkie ETEei BIND SME programaren bidez

BIND SME laugarren edizioko Sozializazio Jardunaldia webinar baten bidez egingo da maiatzaren 14an

06/05/2024

noticia

Eraldalan martxan da Gipuzkoan, lidergo eta erakunde eraldaketa programa

Programa Impact Hub Donostiak bultzatzen du eta 2024ko maiatzetik urrira garatuko da dohainik, Gipuzkoako Foru Aldundiren laguntzari esker.

05/05/2024

noticia

Lx Revek enpresen eraldaketa digitala bizkortzen laguntzen du

Enpresa donostiarrak konpainien lehiakortasuna hobetzeko soluzio teknologikoak eskaintzen ditu

03/05/2024

noticia

KABIA, zure proiektuari hegoak emateko Ekintzailetza Komunitatea

KABIAk pertsonei eta haien proiektuei laguntzeko, sortzeko, hazteko eta sendotzeko helburua du. Eusko Jaurlaritzak, HAZIren bidez, bultzatutako proiektua da, eta lurraldearen laguntzarako erakundeen laguntza du