Eman izena startupen euskal sarean

Bai, baino… nola?

Gehiago irakurri

MENUA

20/07/20

entrevista

Lurmetrika Labs, adimen artifiziala eta Big Data turismoaren sektorerako

 

Innolab Bilbao-n sortutako startup honek 4.0 Industriari lotutako tresnak baliatzen ditu jomuga turistikoei buruzko datuak bildu eta aztertzeko

 

Datuen analitika eta adimen artifiziala bezalako tresna eta teknologien erabilerak gero eta aplikazio gehiago ditu arlo desberdinetan. Arlo horien artean turismoa da berritzaileenetako bat eta potentzial handienetakoa duena. Horrelako teknologien bidez posible izango da okupazio-mailak edo prezioak aurreikustea, eta baita ere bezero bakoitzarentzako esperientzia turistiko pertsonalizatuak diseinatzea. Koronabirusaren krisiaz eta turismo sektoreko teknologia berriez mintzatu gara Gonzalo Moyarekin, Lurmetrika Labs enpresako datu-analistarekin.

 

Nolako zerbitzuak ematen dituzue Lurmetrika Labs-en?

Lurmetrika Labs adimen turistikoko zerbitzuetan espezializatutako startup bat da, batik bat “Jomuga Adimendun”en kudeatzaileei zuzendua, hala nola, udalak, patronatuak, erakunde publikoak, e.a. Lurmetrika Labs-en helburua da ostatu turistikoen industriaren errendimendua neurtzea. Lurmetrika Labs-en lantzen ditugun datuak informazio-iturri digitaletatik eta monitorizazio-teknologietatik eskuratzen dira, eta baliagarri dira erabaki hobeak hartzeko jomuga turistikoaren posizionamenduarekin, lehiakortasunarekin eta jasangarritasunarekin zerikusia duten arloetan. Lurmetrika-k informazioa ematen du hileko eta eguneko batez besteko prezioei buruz, horretarako kontuan hartuz Estatu osoa, autonomia erkidegoak, probintziak, eskualdeak eta udalerriak, bai eta establezimendu mota desberdinak, hala nola, hotelak, apartamentuak, pentsioak edo landetxeak. Halaber, adimen artifizialeko algoritmoak erabiltzen ditugu informazioa sortzeko ondoko hauei buruz: gorago aipatutako lurraldeen eguneroko okupazio-maila, prezioen aurreikuspena, eskaintzaren okupazio-gradu edo tamaina, eta oporretako etxebizitzen eta alokairuen hileko batez besteko diru-sarrerak, prezioak eta okupazioa.

 

Emango diguzu garatu dituzuen proiektuen edo kasu arrakastatsuen adibideren bat?

Gaur egun lanean ari gara Donostia Turismoa bulegoarekin, Salamancako Turismoaren Behatokiarekin, ITREMekin eta, besteak beste, Costa del Sol eskualdearekin; datu turistikoak ematen dizkiegu euren eskualdeari eta beste jomuga lehiakor batzuei buruz, gero euren plataforma digitaletara egokitu ditzaten. Lan egin dugu orobat Kanaria Handiko Turismo Patronatuarekin okupazioaren aurreikuspena egiteko, eta Segittur-ekin bere datu-baseak aberasteko.

 

Halaber, Kevo Technologies enpresarekin (adituak lengoaiaren prozesamenduan) ari gara lanean; tresna bat garatu nahi dugu, bidaiariak ahalik eta gehien aprobetxa dezan hiri batean egiten duen egonaldia, bere bidaia pertsonalizatuz eta berarekin elkarreraginez sakelakotik, AAz hornitutako chatbot baten bidez.

 

Turismoa izan da koronabirusaren krisiak gogorren kolpatutako sektoreetako bat. Nola eragin dizue pandemiak?

Partzialki eragin digu, turismotik bizi garelako. Hainbat proiektu bertan behera gelditu dira, adibidez, Costa Ricako Turismoaren Institutuarentzat garatu behar genuena hango turismoaren adierazleak hobetzeko. Bertan behera geratu dira orobat beste bezero batzuei ematen dizkiegun zerbitzuak, itxialdi garaian mugikortasunik ez zegoenez, okupazio turistikoari buruzko datuak ez zirelako esanguratsuak. Bestalde, alde positiboari begiratuta, bezero berriak aurkitu ditugu, zeintzuk ziurtasuna edo itxaropena baitute turismoa suspertu egingo dela.

 

Nola aldatuko da turismoaren sektorea COVID-19ak eragin duen krisiaren ondorioz?

Une honetan, osasunaren segurtasuna bermatzea da garrantzitsuena jomuga turistiko guztientzat. Munduko gune turistiko guztien helburua da turistak seguru senti daitezela jomugetan. Sektorea alderdi hori indartzen ari da, batez ere Espainian, pandemiak gogorren jo duen herrialdeetako bat izan delako.

 

Bestalde, jomuga batzuek, adibidez, Balear edo Kanariar Uharteek menpekotasun handia dute atzerriko turistekiko. Baina testuinguru honetan, aurten behintzat, Estatuko turisten menpe egon beharko dute. Egia da termino ekonomikoetan eta kuantitatiboki bi turismo motak alderaezinak direla, baina egoera hau baliagarri izango da lehenago nazioarteko jomugetara edo Estatuko beste batzuetara joatea erabakitzen zuten bezero horiek leialtzeko. Hau da, Estatuko turistak zaindu behar dira, une honetan haien menpe daudelako, ez Covid-19a baino lehenagoko egoerara itzultzeko, baina bai mantentzeko.

 

Horrekin batera, jasangarritasuna eta horrekin lotuta dagoen guztia nabarmendu behar da. Itxialdiko hilabeteotan ikusi dugu naturak bere espazioa berreskuratu duela. Ia ez da trafikorik izan, pertsonak ere ez dira kalean ibili, eta naturak bere eremua berreskuratu du, horrela erakutsiz zein garrantzitsua den gure ondarea babestea. Jomuga turistikoak ondare hori ustiatzen ahaleginduko dira, masifikazioak saihestuz. Eta hori lortzen ari da teknologiak erabiliz, zehazki, Big Data teknologiak. Turista batek, jomuga batera iristen denean, denbora errealean kontsultatu ahal izango du zein den museo baten, monumentu baten edo hondartza baten okupazio-maila, horrela jende asko dagoen ala ez jakiteko eta kolapsoak saihesteko.

 

Hortaz, hauek izango dira  jomugaren kalitatea bermatzeko gakoak: osasun segurtasuna, turismoa leialtzea, jasangarritasuna eta teknologien erabilpena.

 

Teknologiak paper garrantzitsuagoa hartuko du turismoaren sektorean?

Lurmetrika-n uste dugu plataforma digitaletan –gure kasuan turismoaren sektorean- informazio kopuru handia dagoela. Horregatik, Big Data eta adimen artifiziala erabiliz informazioa eskuratu dezakegu zenbait adierazle konfiguratzeko eta, horrela, aukera emango diogu jomuga turistikoari erabakiak hartzeko.

 

Zeintzuk dira Lurmetrika-ren etorkizuneko erronkak?

Une honetan gure zerbitzu guztiak API gisa eskaintzen hasteko prozesuan gaude. Horrezaz gain, prezioen epe luzeko iragarpena hobetu nahi dugu algoritmoetan hobekuntzak eginez.

 

Beste erronka bat da turismo teknologikoari lotutako profesionalak bilatzea, hau da, marketin digitaleko espezialistak, web programatzaileak, zibersegurtasuneko adituak, e.a. Ezagutzadun profesionalak eta tresna digitalak bilatu behar dira, izan ere, turistaren premiak eta bidaiatzeko moduak aldatzen diren neurrian, turismoaren industriak ere aldatu egin behar du.

 

Bestalde, aurreikuspen-tresna bat lantzen ari gara adimen artifizialaren bitartez; tresna horrek gune edo hiri bateko prezioak eta okupazio-maila aurreikusiko ditu epe luzera. Hala, esaterako, ekitaldi zehatz bat gertatzekoa denean, iragarri ahal izango dugu zein prezio eskainiko diren hoteletan eta zein izango den okupazio-maila.

Eman izena startupen euskal sarean

Kontaiguzu nolakoa den zure startup-a: nortzuk zareten, zer egiten duzuen, zeintzuk diren zuen erronkak… 15 minutu baino ez dituzu behar. Baina probetxua aterako diozu segundo bakoitzari.

Bete inprimakia

Contenidos relacionados

26/04/2024

noticia

Kaytek, digitalizazio industriala iraultzen ari den Barakaldoko startupa

Konpainiak tresna berri bat du, edozein motatako enpresen fabrikazioan, mantentze-lanetan eta kalitatean arintasuna eta eraginkortasuna hobetzen dituena.

26/04/2024

noticia

Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean

Euskadiko talentu ekintzaile guztia. Wake up! -ek komunikabide eta sareko blog desberdinek argitaratutako albisteen hautaketa txiki bat egunero partekatzen du Linkedinen: ideiak, proiektuak, negozioak, startupak, enpresak etab.

24/04/2024

noticia

“Bizkaia enpresekin eta pertsona ekintzaileekin lankidetzan ari da jasangarritasuna eta berrikuntza sustatzeko”

Nuuk, Syngoi Technologies, Jeremías, Sparber Líneas Marítimas eta Pevasa enpresek jaso dituzte ON Bizkaia sariak, funtsezkoak diren sektoreetan frogatu duten berrikuntza eta lidergoagatik

23/04/2024

noticia

Emen4sport, kirol-arrakazta edonoren eskura I+G+b baten bidez

Bilboko enpresak baliabide onenak erabiliz edozein pertsonaren kirol-errendimendua eta osasuna hobetzeko “metodo paregabea eta berritzailea” garatu du. Gaur egun, hiru proiektu berri eta adimen artifizialeko plataforma bat garatzen ari da.