Eman izena startupen euskal sarean

Bai, baino… nola?

Gehiago irakurri

MENUA

05/02/21

entrevista

BCARE: “Krisi honetatik ikas dezakegun ikasgai garrantzitsuena da ezinbestekoa dela zientzian, teknologian eta osasunean lan egitea”

 

Arabako Teknologi Parkeko ekosistema berritzailean proiektu ugari ari dira garatzen, besteak beste etorkizuneko baterien profilak eta tipologiak, eta bateria horiek izango omen dira mugikortasun jasangarri eta eraginkorrago bat bermatuko dutenak. Asmo-adierazpen horrexekin sortu zen duela hamar urte CIC Energigune, energia biltegiratzearen arloko Europako punta-puntako zentroa, zeinak handik gutxira bere lehen “spin off” enpresa sortu baitzuen prozesu horren epeak azkartzeko. Konpainia berri horren izena BCARE da, eta helburutzat du baterien osasuna diagnostikatzea eta aurreikustea. Duela sei hilabetetik Soraya Romo Díez dago enpresa horren buru; sektorean 20 urtetik gorako esperientzia duen ingeniari industrial hau profil teknikoetan hasi zen lanean, eta azken hamar urteetan zuzendaritza eta kudeaketa karguetan ibili da Iberdrola eta Vinci Energies bezalako korporazio handietan, eta baita ere Velatia eta Grupo Lekunbide bezalako familia-enpresetan.

 

Joan den uztailean, pandemia bete-betean hartu zenuen kargua Nola igaro dituzu lehen hilabete hauek?

Egoera ezohiko eta bitxia izan zen, 2020. urtea denontzat izan den bezalakoa, baina oso interesgarria aldi berean, proiektu honek sekulako etorkizuna baitu.

 

Merezi izan du BCAREra iritsi arte egin duzun ahalegin pertsonal eta profesionalak?

Bai, zalantzarik gabe. Beti argi izan nuen nire karrera profesionala sustatu eta bultzatu nahi nuela, baina banekien orobat ez niola uko egin nahi familia bat izateari, eta nire bizitzaren bi alderdi horiez gozatzeari. Zentzu horretan, asko kostatu zait honaino iristea, baina sentitzen dut asko jaso dudala trukean, guztiz zoriontsu sentitzen naizelako nire lanbidearekin eta bizitza pertsonalarekin.

 

Gaiaz askorik ez dakigunontzat, nola azalduko zenuke zer den BCARE eta zein den bere jarduera nagusia?

Hasieran esan bezala, BCARE “spin off” bat da, biltegiratze tekniko eta elektrokimikoaren arloan Europan puntakoa den CIC Energigune zentrotik (Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko ikerketa zentroa) irten dena. Gure kasuan, CIC-ren arlo baten babesean sortu ginen, hain zuzen, elektrokimikarenean eta, zehazki, baterien post mortem zerbitzuen aterkipean. Zerbitzuak eta produktuak eskaintzen ditugu energiaren biltegiratze sektorerako.

 

Adibidez?

Aholkularitza da gure jarduera-ildo nagusietako bat. Biltegiratzearen mundua oso zabala da eta bateriak elementu benetan konplexuak dira, horregatik biltegiratze-sistema bat ezarri nahi duten bezeroei askotan lagundu egin behar izaten zaie, erabakitzeko zein den beren aplikaziorako teknologia onena edo aproposena. Zentzu horretan, askotariko zerbitzuak ematen ditugu: enpresei laguntzea energia biltegiratzeko lizitazio prozesuetan, hobekuntzak egitea mantenimendu prozesuetan, baterien kudeaketako estrategiak, auditoretza prozesuak, araudiak egitea…

 

CIC zentroaren eta BCAREren arteko harremana berezia da; esan liteke CIC-k ikerketa eta garapena egiten duela, eta zuek enpresa mundura eramaten duzuela hizkuntza hori?

Hori da. Baterien arloko ikerketa-lana CIC-k egiten du, eta BCAREren lana da I+G hori merkatura eramatea eta enpresei hurbiltzea. Ikertzaileek garatzen duten know how horrek baliagarri izan behar du enpresen prozesuetan nahiz produktuetan, eta know how hori baliagarri bihurtzea da gure lana.

 

Zer dio eskaerak zentzu horretan?

Esan dezakegu bateriak ia edozein arlotan erabiltzen direla, baina argi dago gaur egun mugikortasun elektrikoa dela gorakada betean dagoen sektorea. Ibilgailu elektrikoak garapen esponentziala izango du etorkizunean, eta erronka handiena bateriak dira, mota horretako ibilgailuen osagai estrategikoena direlako. Baina, era berean, etorkizun handia ikusten diogu iturri berriztagarrietatik lortutako energiaren biltegiratzeari. Bateriak gure bizitzen parte dira eta izango dira hemendik aurrera ere.

 

Berrikuntza bikaina da zuek defendatzen duzuena

 Horixe lortu nahi dugu, hori da gure asmoa. I+G oinarrizkoa da, batik bat produktu edo prozesu oso teknologikoekin lan egiten baduzu. Horregatik, beti ahalegintzen gara merkatuan existitzen ez den zerbait eskaintzen edo existitzen den hori hobetzen. Baterien sentsorizazio sistemez edo osasun egoera kontrolatzeko eredu eta algoritmoez ari naiz, adibidez. Gure helburua da baterien kudeaketa guztiz optimizatzea eta, horrela, euren bizitza erabilgarria ahalik eta gehien luzatzea, kostuak murriztea eta biltegiratzearen sektorea I+G prozesu konplexuetan oinarrituta garatzea.

 

Esan duzu baterien post mortem analisia dela zuen enpresan egiten duzuen jardueretako bat Zertan datza prozesu hori?

Bateriek askotan narriadura-prozesuak jasaten dituzte, eta narriadura horren ondorioz huts egiten dute. Horregatik, funtsezkoa da jakitea zer gertatu den prozesu horretan, zergatik gertatu den akatsa eta zergatik huts egin duen, batez ere, berriz gertatu ez dadin. Hori CIC zentroaren bidez lortzen dugu, zeren baterien CSI unitatea bezala ezagutzen dugun lantalde espezializatu batek baterien autopsiak egiten baititu.

 

Enpresa gisa, zer ari gara ikasten COVID-19ak eragin duen ziurgabetasun egoera honetatik?

Uste dut hainbat gauza ari garela ikasten. Batetik, ulertu behar dugu teknologiak gure artean egon behar duela, ezin diegula gure inteligentzia laga hirugarrenei, pandemia garaian argi geratu den bezala. Industriak bere ezagutza indartu behar du, eta digitalizazioa funtsezkoa da horretarako. Horrez gain, ikusi da telelana aukera bat dela, hemen dagoela eta gelditzeko iritsi dela, konfiantza gehiago eman behar zaiela lantaldeei –ikusi besterik ez dago azken hilabeteetan nolako emaitzak lortu ditugun jendearengandik, bai bulegoetan eta bai etxean zeudenengandik-, eta lan-eredu berri bat sortuko dela, non pertsonak jarri behar baitira erdigunean… Lantaldea, zure lantaldea, oinarrizkoa da eta zaindu egin behar da. Halere, nire ustez garai honetan ikasi dugun lezio garrantzitsuena da ezinbestekoa dela zientzian, teknologian eta osasunean lan egitea.

Eman izena startupen euskal sarean

Kontaiguzu nolakoa den zure startup-a: nortzuk zareten, zer egiten duzuen, zeintzuk diren zuen erronkak… 15 minutu baino ez dituzu behar. Baina probetxua aterako diozu segundo bakoitzari.

Bete inprimakia

Contenidos relacionados

16/05/2024

noticia

Zinemaldia Startup Challenge ekimenaren VI-garren deialdia abian da

Ekimena Zinemaldia & Technology-ren esparruan kokatuta dago eta Zinemaldiaren apustu estrategikoa da, Eusko Jaurlaritzak Ekonomiaren Garapen Sailaren eta SPRI Taldearen bitartez sustatutakoa

16/05/2024

noticia

Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean

Euskadiko talentu ekintzaile guztia. Wake up! -ek komunikabide eta sareko blog desberdinek argitaratutako albisteen hautaketa txiki bat egunero partekatzen du Linkedinen: ideiak, proiektuak, negozioak, startupak, enpresak etab.

14/05/2024

noticia

Kerrek informazioa bateratzen duen, zereginak automatizatzen dituen eta erabakiak hartzea hobetzen duen ERP bat eskaintzen du

Enpresa donostiar sortu berriak ERP "praktikoa, moldagarria, intereseko informazioaren integratzailea eta gainerako kudeaketa-tresnekin integragarria" izateko aukera eman nahi die enpresa eta erabiltzaile guztiei.

14/05/2024

noticia

SPRIren deialdi berria, ETEen lehiakortasuna eta digitalizazioa bizkortzeko, startup teknologikoekin lankidetzan arituz

BIND SME programaren laugarren deialdia ireki du ekainaren 28ra arte, eta dagoeneko 55 ETE dira onuradunak.