Eman izena startupen euskal sarean

Bai, baino… nola?

Gehiago irakurri

MENUA

19/10/18

entrevista

EBren ‘Top 20’an sartu da Cyber Surgery, robotikako ETE onena bezala

Spin off donostiarrak morroi robotiko bat garatu berri du, kirurgialariaren ondoan "ebakuntza egiten" duena eta doitasun-maila oso altua bermatzen duena

 

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia parkean dago Cyber Surgery enpresa, zientzia eta berrikuntza uztartzen dituen ekosistema baten erdi-erdian. Egile Taldearen spin off edo filial bat da Cyber Surgery, eta robot laguntzaile bat diseinatu eta fabrikatu du, ebakuntzarik konplexuenetan kirurgialarien lana gidatzeko balio duena. Proiektuak —zeina, hainbat etapa gainditu ondoren, gorpuekin probatu den eta oso emaitza onak izan dituen— bost laguni ematen die lana une honetan, eta, aurreikuspenak betez gero, hamar langile izango ditu urte amaierarako. Osasun-sektorera bideratua dago, eta espero da bi urtean robotak merkaturatzeko moduan egotea.

 

Enpresaren sorrerak eskuliburutan irakurtzen den ereduari jarraitzen dio ia: behar bat detektatu zuten, balio bereizgarria duen produktu bat sortu zuten eta berandu baino lehen patentatu zuten...

Halaxe da. Egile Taldean aspalditik ari gara osasunari aplikatutako mekanikan lanean, eta aurrerapenak egin ditugu, batzuetan, ikerketa-zentroekin batera, eta, bestetan, geure baliabide propioekin, morroi robotiko hau garatzeko bezala.

 

Nola sortu zen ideia?

Protesi pertsonalizatuen alorrean esperientzia handia dugu, eta konturatuta geunden gaurko metodologia hobetu beharra zegoela. Hori izan zen, hain zuzen ere, Cyber Surgery-ren abiapuntua, 2013an.

 

Nola deskribatuko zenuke morroi robotikoa?

Imajinatu pazientearen ohatilara lotzen den beso robotiko bat. Besoak esango dio medikuari nondik hasi behar duen ebakitzen, edo, bizkarrezurreko ebakuntza batean, torlojuak non jarri behar dituen. Doitasun handiagoa izatea da kontua. Horrez gain, beste ezaugarri garrantzitsu bat du: robotari esker, lortzen da ebakuntzak ez izatea oso inbaditzaileak, eta, hala, laburtu egiten da pazienteak sendatzeko behar duen denbora.

 

2017an egin ziren lehen probak elementu plastikoekin eta giza gorpuekin. Zer emaitza lortu ziren?

Errore-marjina zenbateraino txikitu zen ikusteak harritu gintuen gehien. Ordura arte, marjina 300 mikrometro inguruko tartekoa zen, eta, gure kasuan, 50 mikrometro (ile baten lodierara, gutxi gorabehera) txikitzea lortu dugu, hau da, sei aldiz doitasun handiagoa lortu da ekipamendu laguntzaileari esker.

 

Eta horrek zer esan nahi du, zehazki?

Bizkarrezurreko ebakuntza oso batean, adibidez, alderdi guztiak hobetzea lortzen da. Besteak beste, ebakuntza-denbora hobetzen da, ebakuntza zehatzagoa da, eta ebakuntzaren beraren ergonomia eta lan-eremua hobetu egiten dira. Eta zer esanik ez, lehen esan dudan bezala, ebakuntza hain inbaditzailea ez izateak pazienteak sendatzeko behar duen denboran eragiten du, eta ospitalean batez beste 9,6 egun igaro beharrean 6,8 egun igaroko ditu.

 

Zergatik hainbesteko ‘obsesioa’ doitasun handia lortzearekin?

Zehaztasuna faktore kritikoa delako, ekintza edo ebakuntza jakin batzuetan. Hala gertatzen da biopsiekin, adibidez, edo bizkarrezurreko ebakuntzekin, zeinean torloju transpedikular deritzenak toki oso delikatutan ezarri behar diren. Halako ebakuntzetan akats bat egiteak ondorio katastrofikoak izan ditzake.

 

Halako ekipamendu robotiko batek nolako harrera izan du medikuntza-komunitatean?

Denetik esaten digute medikuek; hori da egia. Gauza onak eta txarrak, nola ez. Baina halako erreakzioak ohikoak dira teknologia berri bat sortzen den bakoitzean. Aldaketek beldurra eragiten dutela esan ohi da, eta kasu honetan ere berdin gertatu da. Zorionez, profilaren arabera aldatu egiten da harrera. Badaude halako morroiak jarrera positiboz ikusten dituzten medikuak eta kirurgialariak, batez ere gazteak, eta badaude justu guztiz kontrakoa irizten dutenak ere. Horrez gain, ezberdintasun nabarmenak daude jatorri geografikoaren arabera. Aldea izugarria da AEBren eta Europaren artean; Europan gehiago kostatzen da berrikuntzak onartzea. Horregatik, argi dugu Ciber Surgery-k nazioartera begira dagoen enpresa izan behar duela.

 

Komunitate zientifikoan morroi robotiko horien etorkizunari dagokionez iritzi kontrajarriak badaude ere, badirudi enpresa-eremuan ez dela berdin gertatzen.

Hala da, eta egunero ari gara hori ikusten. Uda aurretik, adibidez, Toribio Echevarria sarietako bat jaso genuen, Euskadi mailako aintzatespen garrantzitsuenetako bat. Irailean, berriz, Europako Robot Union programako kide izateko hautatu gintuzten, eta Europan robotikan lanean ari diren 20 ETE garrantzitsuenetako bat izendatu gintuzten. Beraz, suspergarria da ikustea etxean ez ezik atzerrian ere laguntza jasotzen dugula eta gure proiektuaren potentzialean sinesten dutela.

 

Eman izena startupen euskal sarean

Kontaiguzu nolakoa den zure startup-a: nortzuk zareten, zer egiten duzuen, zeintzuk diren zuen erronkak… 15 minutu baino ez dituzu behar. Baina probetxua aterako diozu segundo bakoitzari.

Bete inprimakia

Contenidos relacionados

17/05/2024

noticia

Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean

Euskadiko talentu ekintzaile guztia. Wake up! -ek komunikabide eta sareko blog desberdinek argitaratutako albisteen hautaketa txiki bat egunero partekatzen du Linkedinen: ideiak, proiektuak, negozioak, startupak, enpresak etab.

16/05/2024

noticia

Zinemaldia Startup Challenge ekimenaren VI-garren deialdia abian da

Ekimena Zinemaldia & Technology-ren esparruan kokatuta dago eta Zinemaldiaren apustu estrategikoa da, Eusko Jaurlaritzak Ekonomiaren Garapen Sailaren eta SPRI Taldearen bitartez sustatutakoa

14/05/2024

noticia

Kerrek informazioa bateratzen duen, zereginak automatizatzen dituen eta erabakiak hartzea hobetzen duen ERP bat eskaintzen du

Enpresa donostiar sortu berriak ERP "praktikoa, moldagarria, intereseko informazioaren integratzailea eta gainerako kudeaketa-tresnekin integragarria" izateko aukera eman nahi die enpresa eta erabiltzaile guztiei.

14/05/2024

noticia

SPRIren deialdi berria, ETEen lehiakortasuna eta digitalizazioa bizkortzeko, startup teknologikoekin lankidetzan arituz

BIND SME programaren laugarren deialdia ireki du ekainaren 28ra arte, eta dagoeneko 55 ETE dira onuradunak.